XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asmo pedagokikoak eta didaktikoak agiri-agirian agertzen dira.

Idazle ona izatea baino nahiago da, dirudienez, soziala izatea: hemen alternatiba bat jartzerik baldin badago behintzat.

Zenbait idazlek, iadanik, idazle pribatua izateko deretxorik ez duela, pentsatzen du (poesia guziz pertsonalik egiteko eskubiderik ez duela, adibidez).

Eta beste zenbait idazle pribatuegi kausitu izan bait da, bazterrean-edo utzi da: Gandiaga, adibidez.

Poesia ona egiteak, poesia bezala, eta bertso bikainak egiteak ere, bertso bezala, ez du lehenagoko oihartzunik: txalo ta arrakasta gehiago du gaur zerbait eskasago baina sozialagoak.

Arte lana ona izateak bakarrik ez dirudi aski.

Jendea ohartu da, artea ez dela oratorio apartatu batetan ordu goxoak gozartzeko bakarrik.

Eta hori ondo dago, oso ondo.

Baina ontasun guziak mundu honetan bezala, kondizio batzuekin bakarrik dago ondo.

Seinale bat da, halaber, gure artean A. Hauserek bat-batean eduki duen eragipena.

Engainatzen ez banaiz, ia batera agertu ziren lan batzutan A. Hauseren aztarrenak garbi-garbi nabari dira: A. Urretavizcayaren hitzaurrean N. Hikmeti, Sarasolaren lan batzutan Anaitasunan.

Aldizkari honen zuzendariak, A. Zelaietak, orrialde oso bat eskaini zion arte soziologo haren liburuari, Historia social de la literatura y el arte, liburu hau hamar urte lehenagokoa izan arren, eta erderazko itzulpena bera ere bi urte lehenago irtena izan.

A. Hauser deskubrimentu bat izan zela, esango litzake, gutitan gertatzen bait da gure artean bestela honelako koinzidentziarik.

Hitzokin presentatzen zuen Zelaietak liburua: (...).